Albisteak

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 16,4 da 2018ko lehen hiruhilekoan

2018 Apirila 19

Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren 2018ko lehen hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu berri direla-eta, Gazteen Euskal Behatokiak 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasari buruzkoak aurkezten ditu.

Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen duten pertsona aktiboen ehunekoa adierazten du langabezia-tasak, hau da, lan egiteko moduan egonik, azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona langabeen ehunekoa. Definizio honetan ez dira sartzen, beraz, lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten gaigabetuak.

2018ko lehen hiruhilekoan Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 16,4 izan da, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 1,3 puntu handiagoa (% 15,1 izan baitzen 2017ko laugarren hiruhilekoan) eta 2017ko lehen hiruhilekoan izandakoa baino 2,3 puntu txikiagoa (orduan % 18,7 izan baitzen).

Gazteen langabezia-tasak jarraitzen du Euskadiko biztanleria orokorrarenaren gainetik; hala ere, bi tasa horien arteko aldea txikitu egin da eta 2017ko lehen hiruhilekoan alde hori zazpi puntukoa izatetik urtebete geroago bost puntukoa izatera pasatu da.

Hiruhileko langabezia-tasaren bilakaera. Euskadiko gazteen eta biztanleria orokorraren arteko alderaketa (%)

Lehen hiruhileko honetan 30 urtez azpiko emakumeen langabezia-tasa adin horretako gizon gazteena baino handixeagoa da: % 18,6 emakumeena eta % 14,2 gizonena.

Zifra horiek apurtzen dute azken urteotan jarraitutako joera, 2007 eta 2016 urteen artean gizon gazteen langabezia-tasa emakumeena baino handiagoa izaten baitzen.

Lurralde historikoei erreparatuz gero, ikusten da Gipuzkoak duela gazteen langabezia-tasarik baxuena (% 13,3). Araba oso gertu gelditzen da (13,6 %) eta Bizkaiak, aldiz, langabezi tasa altuena du (% 19,1).

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen urteko langabezia-tasaren bilakaera (2007-2017), sexuaren eta lurralde historikoaren arabera

Datu horiek guztiak Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestatik datoz. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) hiru hilean behin lantzen du inkesta hau Euskadiko 16 urtetik gorako biztanleriaren jarduera, okupazio eta langabezia egoera aztertzeko asmoz. Eustatek, hiru hilerik behin ere, 16 eta 29 urte bitarteko gazteei dagozkien datuak ematen dizkio Gazteen Euskal Behatokiari.

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiaren webgunearen estatistiketan ere kontsulta daitezke, Lana ataleko Jarduera, Okupazioa eta Langabezia azpiatalean, zehazki.